domingo, 27 de septiembre de 2009

Ongi doa, ondo baitago


Bigarren zatia ere ongi baino hobeto gelditu da, ondo itsatsita eta zimurdurarik gabe. Beste kaskoa hasteko moduan nago, baina agian materiala faltako zait, 6m2 besterik ez daukat --aurrekoan gastatutakoarengatik-- eta agian beste5 bat m2 erosi beharko nuke...

 
 
 

sábado, 26 de septiembre de 2009

Oso ondo gelditu da!!


Aluminiozko geruzaren gainean erretsina eta zuntza jarri dugu (Carlosek, Joseanek eta hirurok) froga moduan, ea zimurrak sortzen ziren. Argizariaz igurtzi dugu kaskoa, lehenago, ondo askatzeko gero.
Hurrengo egunean, atzo, ederki dagoela ikusi dut. Hau poza! Xaflak ongi gogortu dira okertu gabe, eta zuhakerrak  ez dira ea nabaritzen. Oso txukun dago.















Aluminiozko eta zintazko geruzaz gain, beste faktore bat dago emaitza horren azpian: zuntza-oihal lehorrak kaskoan jarri eta bertan erretsina eman beharrean, mahai baten gainean buzti ditugu, gustora, errodiloz ongi zapalduta. Gero, egurrezko pintzez hartuta, bere lekuan jarri ditugu kaskoan. Honela geruzak ez du ea-ea sufritzen, ez baita zapaldu behar...

 
 Atzo bertan bukatu nuen kasko bat, txopako hirukia izan ezik. Zati horrek arazoak eman zizkidan eta buztita utzi nuen, lauean gogortzeko, aparte itsasteko. Ikusiko dut...


 

Mahaiak ere ongi portatu dira, kurpilduna eta zintzilika dagoena




Beste batzuk ere landalan dihardute nere ondoan... Izan ere, joan den egunean lijadora erabili nuen eta harek harrotutako hautsak begi-bistan utzi ditu...







Laster bigarren kaskoari ekingo diot eta orduan barruko lana hasiko da. Hor ere arazoak izango dira, baina aldez aurretik ezin jakin nondik etorriko diren. Ikusiko dugu, eta moldatuko naiz.



martes, 15 de septiembre de 2009

Bi kaskoak jantzita

Lagun baten laguntzaz, Carlos, kaskoei azala jarri diegu: zinta kanporuntz+aluminioa+zinta barruruntz. Ongi daude, sendo eta tente, zuntza eta erretsina hartzeko moduan...

Kartoiezko kutxez bi oinarri prestatu ditut. Gerorako beharko ditut, barrukiak lantzeko garaian.
Arrazoia zuen Juan Carlosek, goikaldeak traba handia egingo didala, barrukoa estaltzeko...
Bigarren zinta aluminioaren gainetik beharrezkoa izan zait, proban erretsina aluminioari oso trinko itsatsi zaiolako eta ezin izango nuen atera. Zintari berriz ez zaio itsaten... Hala ere argizariaz igurtziko ditut kaskoak, hobeto askatzeko.

viernes, 11 de septiembre de 2009

Beste oinarria asmatu dut

Azkenean otu zait modua: zinta-itsasgarriaz estali dut kasko bat, alde itsaskorra kanporuntz jarrita, haren gainean aluminiozko xafla jartzeko. Oso ongi gelditu dela iruditzen zait, zurrun xamar, aurrekoan baina gehiago, dudarik gabe.
 Popa indartu ere indartu dut, ez okertzeko zinta tente jartzean...
 
Bada ez bada ere froga bat egin dut erretsinarekin, ea ongi eta errez askatzen den. Ikusteko dago, baina itxura ona du, eta bidea irekitzen zait berriro.

martes, 8 de septiembre de 2009

Berriro hasi naiz lanean

Irailan ekin diot berriro lanari. Askatu dut kaskoa. Kendu egin diot zuntzaz eta erretsinaz egindako lehenengo geruza, kendu dut azpiko plastikoa, moztu ditut sokak eta konpondu dut popako okerdura xafla berria jarrita. Ez dakit ongi egin ote dudan, baina hortik jo dut: geruza ez zegoen ongi eta popa ere konpondu behar zen. Ea hurrengoa hobeto geratzen zaidan!
Zaila izan zait oso geruza hori kentzea barruko hezurdura kaltetu gabe. Azkenean brankatik moztu behar izan dut, eta askatu da. Erne ibili behar da, gauzak ezpaitira ustez bezain errezak...



Une honetan -ongi egonez gero-, plastiko guztiak kenduta berriro sartuko nuen "hezurdura" geruzaren barruan eta hasiko nintzen barruko geruza ematen... , baina ez da horrela izan.

Hemendik aurrera zinta-prezintoz estaliko dut dena, sokarik gabe, eta geruza berria jarriko diot.
Erabilitako materiala galdutzat eman dut, bosteren bat gutxi gora behera. Asko da, baina beste aldetik materiala hobeto ezagutzen dut, eta espero dut oraingoan lauago geratzea, geratuko bada.